Euskararen Nazioarteko Eguna: #mundiala

  • maixu21

Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatzeko kanpaina euskara mundiala dela erakustera dator aurten, eta etorkizunerako erronka erabileran dagoela azpimarratu nahi du. Sare sozialak erabiltzeko gonbidapena egin da aurten, euskara mundiala dela ez ezik, munduan dagoela ere azaltzeko: #mundiala izango da traola.

Euskara esparru ez ofizialetan ere erabiltzeko modukoa dela agerian utzi nahi du #mundiala kanpainak (sare sozialetan edo lagun arteko giroan, kasu), eta gaur egungo komunikazio tresnetara egokitzeko gai dela ere bai. Sare sozialen loraldia baliatuta, mundu zabaleko euskal hiztunak konektatuko dituen sarea osatuko du. Eta horretarako jaio berri den  www.mundiala.net ataria izango da, herritarrei txioak bidaltzeko gonbidapena eginen dien gunea.

Twitter-en dauden 35 hizkuntzetako bat da euskara. #mundiala kanpainarekin sare sozialetan euskararen erabilera bultzatu nahi da, eta bide batez munduan dabiltzan milioi bat euskal hiztunak, urrunekoak zein bertakoak, nondik nora dabiltzan ikusi, edo elkarrekin nola konekta daitezkeen azaldu.

Txioa euskaraz izatea beste baldintzarik ez dago. Bidalitako txio guztiak, eta egin duten bidaia, kanpainaren mundu mapan azalduko dira irudikatuta. Mundu zabalean bizi diren euskaldunen kokalekuak identifikaturik geldituko dira horrela mapan, mezua igorri edo jaso den lekuan argi bat piztuko baita.